Oikocredit eta African Guarantee Fund entitateek enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko akordio berria sinatu dute
Nairobi, 2018ko urtarrilaren 25a - Orain, erakunde mikrofinantzarioek (EM), nekazaritza eta energia berriztagarrien arloetako enpresek eta kooperatibek finantzaketa hobea lortu ahalko dute Afrikan, Oikocredit inbertitzaile sozialaren eta Enpresa Txiki eta Ertainetarako Berme Funts Afrikarraren (AGF) arteko elkarteari esker. Bi erakundeak 2013. urtetik dira bazkide, eta 2018ko urtarrilaren 25ean sinadura ekitaldia ospatu zuten Nairobin, Kenian.
Hamar urtez 10 milioi dolarreko bermea AGFren Berme Berdearen Mekanismo barruan kokatzen da; horri esker, Oikocreditek finantzaketa eskaini ahalko die EMei, nekazaritza eta energia berriztagarrien sektoreko enpresa ertain eta txikiei eta kooperatibei, Saharaz hegoaldeko Afrikan diru-sarrera gutxiko komunitateei zerbitzuak ematen badizkiete. Hori 2013. urtetik indarrean dagoen 8 milioiko bermeari gehitu behar zaio. Oikocreditek konpromiso tinkoa du finantza inklusioarekin, nekazaritzarekin eta energia berriztagarriekin. Horrez gain, akordioarekin batera laguntza teknikoko osagai bat ere badago; horren bitartez, Oikocreditek gaitasunak garatzeko zenbait esku hartze bideratuko ditu bere erakunde sozialekin batera.
Halaxe mintzatu zen Bart vanEyk, Oikocrediteko Inbertsioen zuzendaria: “AGF elkartearekin beste 10 urterako konpromisoa hartzeak bereziki pozten gaitu. Elkarteak Afrikako potentziala garatzea bultzatzen du, hain zuzen ere, gure misioa betetzeko eta finantza inklusioaren bidean lidergoa eramateko ezinbestekotzat jotzen ditugun sektoreetan, hau da, nekazaritzan eta energia berriztagarrien arloetan. AGFrekin egingo dugun lana Oikocrediten misioarekin dago lerrokatuta, diru-sarrera baxuak dituzten familia eta komunitateen bizi kalitatea modu iraunkorrean hobetzeko misioarekin, alegia”.
Felix BIKPO, AGFko zuzendari exekutiboa, berriz, hala mintzatu zen: “AGFen ustez, Afrikako herrialdeetan landu beharreko hazkunde erronken aurrean konponbide nagusietako bat enpresa txiki eta ertainak garatzea da. Horri esker, Oikocredit bazkide ezin aproposagoa da, bi erakundeen arteko sinergiak aintzat hartuz. Sinergia horien artean aipatu behar dira, besteak beste, enpresa txiki eta ertainen espazioan finantzetara sarbidea izatea sustatzea, enplegua sortzea eta gazte eta emakumeak negozioetan ahalduntzea; azken helburua Afrikan pobrezia arintzea da.”
AGFren betebehar nagusia Afrikan finantza erakundeei laguntza ematea da, enpresa txiki eta ertainetarako finantzaketa areagotu dezaten, maileguen berme partzialak eratuz eta gaitasunak garatzeko laguntza eskainiz. Enpresa txiki eta ertainen eta finantza erakundeen arteko arraila ixtea lortu nahi du; izan ere, gaur egun 150 mila milioikoa dela kalkulatzen da. Sortu zenetik, AGFk 650 milioi dolar inguruko berme akordioak sinatu ditu Afrikako 40 herrialdetan bazkide gisa dituen 80 finantza erakunde baino gehiagorekin. Zazpi mila enpresa txiki eta ertain inguruk AGFren bermeen bitartez lortu ahal izan dituzte maileguak, eta enpresa horietatik %70 gazteek zuzentzen dituzte edo gazteak dira jabeak. Horrez gain, AGFren Berme Berdearen Mekanismoak etekin zuzenak ekartzea espero da, klima aldaketa arindu eta egokitzeari dagokionez, baita enplegu iraunkorra sortu, pobrezia arindu eta genero aukerak areagotzeari dagokienez ere.”