Oikocredit kooperatiban soilik ekonomia errealean inbertitzen dugu, Hegoaldeko herrialdeetan. Horretarako, baliabide hauek erabiltzen ditugu:
- mikrokredituak, tokiko mikrofinantza instituzioekin batera
- kreditu zuzenak enpresa txiki eta ertainetara bideratuak, bereziki kooperatibetara, eta nekazaritza eta bidezko merkataritza arloetan
- partaidetza konpromiso ekonomiko eta sozial handia erakutsi duten enpresetako kapital sozialean.
Horrela, gure mailegu eta inbertsioak gizartea eraldatzeko tresna bilakatzen dira, izan ere, finantza-sistematik at dagoenari laguntzea ahalbidetzen dute, gure ekintzaren inpaktu sozialaren jarraipena egitearekin batera.
Gure jardueraren % 80 mikrofinantzari dagokio eta gainerako % 20a ekoizpen-proiektuei.
Mikrofinantzak garapenaren zutabe dira
Hegoaldeko herrialdeetan ia 2.700 milioi pertsona dira finantza arloko kredituak eta zerbitzuak eskuratu ezin dituztenak. Horien bizi-maila hobetzeari begira ezinbestekoa da horietarako sarbidea ahalbidetzea. Oikocredit kooperatibak laguntzen dituen mikrofinantza etikoko instituzioek finantza-zerbitzu tradizional horien gabezia orekatzen dute. Modu horretan, jarduera ekonomikoak sor daitezke eta aberastasuna modu bidezkoago batean birbanatzen da.
Sarritan, Hegoaldeko herrialdeetan negozio txiki bat abiarazteko 10€ eta 500€ arteko kopurua baino ez da behar. Hala, mikrokreditua txirotasuna gainditzeko modua izan daiteke. Ezinbesteko baliabideak ahalbidetzen dituen jarduera ekonomiko bat sortu edo garatzeak bizi-kalitatea nabarmen areagotzea ekar dezake.