Gizarte-eragina pandemian: nola laguntzen dien Oikocreditek bere bazkideei hari aurre egiten [blog]
Koronabirusaren krisia mundu osoan zehar hedatzen ari den bitartean, Ging Ledesma, Oikocrediteko Gizarte Gaietarako Berrikuntza arloko zuzendaria, Oikocreditek gure bazkideen behar aldakorrei ematen dien erantzun azkarraren buru izaten laguntzen ari da, bazkideoi eskaintzen diegun finantza-laguntzaz haratago. Hemen, Gingek Oikocreditek gure bazkideei babesa emateko une kritiko honetan jada eman dituen urratsen berri ematen du, eta berrikuntza eta komunitatea garai izugarri latz hauetan zeharo funtsezkoak direla azaltzen digu.
"Koronabirusak (Covid-19) gutariko asko albistegiei zeharo itsatsita gauzka, maite ditugunez kezkatuta gaudelako, eta gure ohituretan pandemia hau kontrolatze aldera egin beharreko aldaketei egokiro aurre egin nahi diegulako. Birusak ez duela diskriminatzen esan digute, hots, gutako edozeini eragin diezaiokeela.
Hala ere, argi dago diru-sarrera urriko pertsonak –jornalariak, azoketako milaka saltzaileak, kontratupeko langileak, auzo marjinaletan pilaturik bizi diren milioika beharginak, egunero mahaian janaria jartzeko borrokan ari diren pertsonak– izango direla Covid-19aren ondore kaltegarrien eraginik handiena jasango dutenak. [1]
Sistemak erakusten duen desberdintasun hori agerian utzi du Covid-19k. Eta pertsona ahul horietako asko Oikocrediten bazkideen bezeroak dira.
Orduan, zer egin dezake Oikocreditek? Zein da Oikocrediten zeregina egun bizi dugun ezohiko egoera latz honetan? Zer esan nahi du ‘gizarte-eraginak’ une jakin honetan?
Gure aburuz, pandemiak gizartean duen eraginaren aurrean, bazkideei gure errealitate berriaren erronkei ematen dieten erantzuna garatzen laguntzea da gure misioa.
Uste baitut denok ados gaudela garai hauetan gutako bakoitzari elkartasuna, fedea eta iraunkortasuna eskatzen zaizkigula, gure artean ziurgabetasun handia nagusi den garai berezi hauetan.
Horrenbestez, atseginez jakinarazi nahi dut inguruabar berri eta izugarri latz horien pean ere Oikocrediteko langileak gogor ari direla lanean gizarte-eragina maximizatzeko modu berriak bilatzen.
Aurre egiten ari diren egoerei buruz gure bazkide guztiekin hitz egiteaz gain, haien finantza-beharrak ulertu eta eskain diezaiekegun laguntza ebaluatze aldera, Oikocreditek koronabirusaren aurrean gure bazkideak indartzeko eta gaitzeko katalizatzaile gisa bete behar duen rola erakusten duten ekimenak jarri ditugu abian.
Laguntza gehigarria orientaziorik gehien behar duten bazkideentzat
Finantza-erakunde txiki eta ertainentzat bereziki, online mintegi batzuk abiarazi ditugu, bi zatitan. Mintegion izena "Staying Ahead of Corona" da, eta honako xede hau du: pandemia honi aurre egiteko agertokiak eraikitzea eta estres-probak taxutzea. Lehen bi online mintegiak apirilaren hasieran egin ziren, Asiako hego-ekialdeko eta Afrika anglofonoko 20 bat bazkideren 80 bat ordezkarirekin. Antzeko saio bat egiten ari gara gure bazkideentzat Afrika frankofonoan eta Latinoamerikan.
Online mintegien bigarren zatia diseinatzen ari gara, orain arte parte-hartzaileengandik jaso dugun informazioa oinarri hartuta. Era berean, harremanetan gaude antzeko erakundeekin, web bidezko mintegi horretarako diseinatutako metodologia ahalik eta zabalen eskuragarri egon dadin.
Nik neuk online mintegietan parte hartu dudanez, argi dago gure bazkideek laguntza-maila trinko hori estimatzen dutela une gatazkatsu honetan. Bideokonferentziaren bidez ere, garrantzitsua da gure bazkideak Oikocredit enpresako langileekin konektatu ahal izatea, hau da, haiengandik hurbil dauden edo bertako tokiko komunitateko kide diren langileekin harremanetan jarri ahal izatea.
Bazkideentzako eta langileentzako tresna praktikoak
Gure bazkideei koronabirusari aurre egiteko moduari buruz eskura dugun informazio zeharo ugaria kudeatzen laguntze aldera, kontu handiz hautatu ditugu hirugarrenen baliabideak. Gure aburuz, bitrateko horiek guztiek gida praktiko eta baliozkoa eskaintzen diete gure bazkide guztiei.
Oikocrediten webgunean eskuragarri egoteaz gain, material horiek guztiak zuzenean partekatu ditugu gure bazkideekin.
Era berean, Oikocrediteko langileentzat eskuragarri dauden tresnak zabaldu ditugu, ziurgabetasun-garai hauetan gure bazkideei laguntze aldera, finantza-laguntzaz harago. Web mintegiak erabili ditugu eta e-learning baliabideak sortu ditugu, gure kideei negozioen jarraitutasunean eta estres-probetan bazkideei orientazioa ematen laguntzeko.
Isolamendua hautsi eta komunitatea eraiki
Orain, inoiz baino areago, komunitate gisa elkartu behar dugu, eta estuki lan egin elkarrekin. Izan ere, erronka berrien aurrean berrikuntza bultzatzeko, elkarrizketa eta ezagutza-trukea areagotu behar dira.
Horregatik, Oikocredit bazkideen sare birtual bat sortzen ari da, esperientziak partekatzeko eta elkar inspiratzeko bazkideok linean bilduz eta elkarretaratuz. Ekitaldi birtual horietako lehenengoan, mikrofinantzetako bazkide nigeriar arrakastatsu batek krisiari erantzutean orain arte ikasi dutena partekatu zuen.
Halaber, gure parekoekin eta sareekin batera lanean jarraitzen dugu, hala nola Dutch Platform for Inclusive Finance (NpM) eta Social Performance Task Force erakundeekin, elkarrekin jardunik indartsuagoak garelako.
Jarrai dezagun elkarrekin aurrera egiten
Eta askoz gauza gehiago ditugu egiteko horretaz guztiaz gain. Oikocrediten sare osoan, gure inbertitzaileen bidez eta Afrikan, Asian eta Latinoamerikan ditugun bulegoetan egiten dugun lanaren bitartez, gure bazkideei ahalik eta ongien laguntzen jarraituko dugu, pandemia horrek munduko pertsonarik ahulenengan dituen ondore negatiboak murrizte aldera.
Izan ere, Covid-19k agerian jarritako desberdintasunen aurkako borroka da Oikocredit existitzearen funtsa. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa den gure misioari begira, eskerrak ematen jarraitzen dugu gure inbertitzaile leialek diru-sarrera gutxiko pertsonen bizitzak hobetzeko dugun helburuarekin bat egin dutelako.
Hainbestez, tinko euts diezaiogun helburu hori xedetzat harturik dugun konpromiso bateratuari, eta elkartasunean aurki dezagun indarra. Gure inspirazioa ondokoa izan dadila: ziurgabetasuna nagusi den garai gogor honetan gutako bakoitzak egiten duen lanak, eta eskain dezakegun babesak, ziurrenik kaltetuenak diren pertsonei laguntzen diela jakitea".