Pertsonak eta planeta sendotzea – elkarrizketa
Oikocreditek gizarte- eta ingurumen-jarduerari buruzko 2016. urteko txostena argitaratu duen une berean, Kawien Ziedses des Plantes Gizarte Jarduerako eta Gaitasunen Garapeneko zuzendariordeak gizarte- eta ingurumen-jardueraren ikuspuntuaren ideia batzuk azaldu ditu.
Oikocreditentzat zergatik da hain garrantzitsua gizarte- eta ingurumen-jardueraren berri ematea?
Elizen Munduko Kontseiluak Oikocredit sortu zuen gizartearekiko ardura erakusten duen inbertsio-kooperatiba bat izan zedin, eta erakunde zein pertsonei garapen positiborako dirua inbertitzeko aukera emateko. Gizarte-inbestitzaile gisa, gure lana egiterakoan diru-sarrera baxuak dituzten erkidego eta pertsonak modu iraunkorrean ahalduntzeko printzipioa hartzen da oinarritzat, baita ere planetako baliabideak errespetatzea. Funtsezkoa da gure gizarte- eta ingurumen-jardueraren jarraipena egitea eta gure bazkideena ere bai. Gure bazkideek bezeroen premiei zein ingurumen-iraunkortasunari nola heltzen dieten baldin badakigu, beharrezkoa bada hobekuntzak egin ahal izango ditugu eta gure kideei eta beste pertsona batzuei kontuak eman, azken onuradunak barne, hala nola mailegatzaileak, mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak (ETE) eta nekazari txikiak. Gure gaur egungo ebaluazioetan finantza inklusiboen zorrorako ingurumen-, gizarte- eta gobernagarritasun-puntuazioak (ESG ingeleseko siglengatik) bezeroei onurak emateari dagokionez bereziki sendoak direla jaso da , eta ekoizpen- zein zerbitzu-zorroak, aldi berean, puntuazio altua lortu du ingurumenean.
Aurtengo gizarte- eta ingurumen-jarduerari buruzko txostena zergatik da desberdina? Zer du berri?
Aurtengo txostena, aurreko urtekoekin alderatuta, pixka bat luzeagoa eta zehatzagoa da. Bertan gure lanak bazkideen bezeroei nola eragiten dien zabalago azaldu da, eta, batik bat, finantza-zerbitzuetako bazkideek izandako irismena landa-bezeroei eta emakumeei dagokienez. Horrez gain, joerak azaldu dira baina epe luzeago batean. Bestalde, ingurumen-iraunkortasunean egin dugun lanari buruzko xehetasun gehiago eskaintzen dira txostenean, eta gure egitekoa Nazio Batzuetako Garapen Iraunkorreko Helburuei lotu dela jotzen da.
Zer dira bezeroen emaitzak? Oikocrediten zergatik jartzen da hainbeste arreta horietan?
Bezeroen emaitzak, epe luzera, aldaketak dira pertsonen bizitzan. Diru-sarrera baxuak dituzten erkidegoetan giza ahalduntzea da gure lanaren azken froga eta xedea. Bezeroen emaitzak hobeto ulertzen ditugu geure buruari mota honetako galderak egiten dizkiogunean: Zer gertatzen da bezeroen bizitzan? Eta finantza-inklusioak ezberdintasuna markatzen du? Gure gaitasunak bezeroen emaitzetan garatuz, gure bazkideei aukera ematen diegu bezeroen iritziak erabili eta berrikuntza nahiz ondo informatutako enpresa-erabakiak sustatzeko. Modu horretan, halaber, dagoeneko bildutako datu-baseei buruzko luzetarako ikerketa sakonagoak aurrera eraman ahal ditugu. 2014. urtean bezeroen emaitzen gure programa globala abiarazi genuen Asiako bazkideekin, eta Latinoamerikara zabaldu genuen.
Oikocreditek nola erantzun dio klima-aldaketaren erronkari?
Oikocrediten energia berriztagarrien zorroa arin hazten ari da. Hori horrela, energia-inklusioa bultzatzen da eta klima-hondamendi bat saihesteko behar dugun karbonoaren eduki baxuaren igarotzeari laguntzen zaio. Energia berriztagarrien proiektuak ebaluatzen hasi gara energia garbia lortzen duten etxebizitzen kopuruaren eta saihestutako CO2ko igorpenen tonen arabera. Une berean, Oikocrediteko bulegoetan gero eta gehiago neurtzen dute karbono aztarna, eta gero eta gehiago ematen dute horren berri. Bidaien inguruan erabakiak hartzeko unean, gero eta lagun gehiagok hartzen dituzte kontuan karbono igorpena, bai eguneroko joan-etorrietan (adibidez autoan egindako bidaiak murriztuz), bai urrunago egingo dituzten lan-bidaietan.
Nola garatzen dira Oikocrediten eta laguntzen dituen bazkideen arteko harremanak?
Bazkideekin harreman ona edukitzea behar-beharrezkoa da eraginkorrak izan nahi badugu, eta ideia berdinak dituzten bazkideak hautatuz hasten da hori. Bazkideekin dugun epe luzeko konpromisoa deskribatzeko «garapen gehigarriaren finantzaketaren» ikuspuntua hartzen da aintzat, bai eta erakunde-lidergoan, -kudeaketan (finantzakoa, arriskukoak, datukoak eta gizarte- zein ingurumen-jarduerakoak) eta merkataritza zein nekazaritza tekniketan gaitasuna garatzeko aukera eskaintzea ere. Gure bazkideei urtero galdetzen diegu ea zein diren haien garapen-helburuak, eta haiekin lan egiten dugu jarduera neurtzeko eta zerbitzuen banaketa hobetzeko. Bi urterik behin, bazkidearen gogobetetasunari buruzko inkesta egiten dugu, eta emaitzen berri ematen dugu.
Oikocreditek zergatik garatzen ditu elkarte berriak erakunde-emaileekin?
Diru-sarrera baxuak dituzten erkidegoak laguntzeko eta sendotzeko epe luzeko lanak ikuspuntu estrategiko bat behar du, eragile ugarirekin. Ez dago Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko edo klima-aldaketari aurre egiteko bide arin eta errazik. Berrikuntza eta jarraikitasuna behar dira. Indarrak batzerakoan, erakundeetako bazkide emaileen sarea handituz funts gehiago bildu ahal izango dira. Horrela, alde interesdun guztiak partekatutako esperientzia eta ikasbideetatik onurak atera ditzakete.