Prestakuntza, natura hondamendiei eta klima aldaketaren eraginei aurre egiteko
Nekazaritzaren sektorea eta diru sarrera txikienak dituzten pertsonak izaten dira sarritan natura hondamendiek eta klima aldaketaren eraginek kalte handiena eragiten dietenak. Filipinetan, komunitate kaltetuenetako batzuek Oikocrediten prestakuntza jaso dute, kasu horietan hobeto prestatuta egoteko.
Natura hondamendiek denoi eragiten digute. Dena den, jeneralean, diru sarrera txikiak dituztenek hartzen dituzte kalte handienak. Vanuatu eta Tongaren ondotik, hirugarren tokian, Filipinak dira natura hondamendiak izateko arrisku handiena dutenak. Hondamendi horietako batzuk sarriago gertatzen dira, klima aldaketaren ondorioz. Itsasoaren maila goratzen joatea, hori ere berotze globalaren ondoriozkoa, kezka izugarria da Filipinetarako; izan ere, itsasoaren maila goratu delako 2050. urtean arriskuan egongo den biztanle kopuru handiena izango duen bosgarren herrialdea izango baita.
Natura hondamendiek kalte larriak eragiten dizkiote nekazaritzari, eta uzta, abere eta elikagai galerak suntsitzaileak dira. Hondamendi horiek, era berean, elikagaien segurtasuna mehatxatzen dute eta merkatarien hornidura eskaerei erantzuteko nekazariek duten ahalmena. Gainera, kaltea ekartzen diete laborantza sistemei eta ur hornidurari eragiten diote. Nekazari txikiak mundu osoan diru sarrera txikienak dituzten pertsonen artean daude, eta horregatik oso ahulak dira natura hondamendien eta klima aldaketaren eraginen aurrean.
Programa pilotua
Arrazoi horiek aintzat hartuta, Oikocreditek Filipinak hautatu zituen programa baterako eremu pilotu moduan. Programa, hain zuzen, hondamendien arriskua murrizteko eta kudeatzeko gaitzeko zen (DRRM, ingelesezko siglen arabera), erakunde bazkideei zuzendua. Oikocreditek 2014aren hasieran hasi zuen ekimen hau, Haiyan tifoiaren eta urte horietan hainbat herrialde suntsitu zituzten beste hondamendi batzuen harira. Programaren xedea da erakunde bazkideek DRRMari buruz duten ezagutza handitzea, tresna praktikoz hornitzea –besteak beste, arriskuen aurreko ahultasun edo zaurgarritasun ebaluazioak, arriskuen mapak egitea, arrisku planak egitea eta enpresa jarraitutasuneko planak– eta DRRMko estrategiak formulatzea, testuinguru eta esparru horretarako egokiak izango direnak.
Epe luzerako estrategia
Ikuspegi iraunkorra garatu da, biziak, uztak eta ondasunak galtzea minimizatzeko eta bazkideei laguntzeko DRRMko euren estrategiak eta enpresa jarraitutasuneko planak garatzen. Oikocreditek interesa du bazkide dituen erakundeen estrategia laguntzeko, hondamendien aurrean egokitzeko duten gaitasuna handitzeko eta arriskuak murrizteko. Patuak hala erabakita-edo, Ruby tifoia, 2014an Filipinetan izan zen bigarren zikloi tropikal bortitzena, gaikuntza lantegia egin ondotik iritsi zen. OCCCIko langileek (Oikocrediten bazkide den Filipinetako kreditu kooperatiba bat) DRRMko gaikuntza lantegian parte hartu zuten. Elmo Manching aitak, OCCCIko zuzendaritza batzordeko lehendakariak, hau esan zuen: «Oikocreditek emandako gaikuntzak geure burua hobeto prestatzen lagundu zigun. Ikasitakoak aurrera egiteko eta etorkizunari konfiantza handiagoarekin begiratzeko bidea eman zigun».
DRRMa integratzea ingurumena babestearekin
Oikocrediten bazkide diren erakunde askok, mundu osoan, klima aldaketaren ondorioak ulertzen dituzte, bereziki nekazaritzaren sektorekoak. Oikocrediteko bazkide ugarik ingurumena babestea sartu dute euren lan jardunbideetako alderdi guztietan eta hondamendiei aurre egiteko prestakuntza mekanismoak sartu dituzte euren enpresa planetan. Egun, DRRM programa berrikuste fasean dago, beste herrialde batzuetara egokitzeko, hala nola Kanbodia, Vietnam eta Indonesiara.